ERNIOBEA BHI-ren HISTORIA TXIKIA

 

Erniobea BHI institutua Villabonan sortu zen 1996an, bailarako familia askoren kezkari erantzuteko. Ordura arte, Aduna, Alkiza, Asteasu, Larraul, Zizurkil eta Villabonako ikasleek beren herrietatik kanpo jarraitu behar izaten zituzten bigarren hezkuntzako ikasketak, gehienek Tolosan. 1996ko Hezkuntzako erreformak bigarren hezkuntzako ikastetxe independentea sortzea ahalbidetu zuen, Fleming, Pello Errota, Pedro Mª Otaño, San Millan, Aduna eta Alkizako ikasleak hartzeko.

Instituuoa zegoen bezela bere hasieran

Erniobea BHIk lehen hezkuntzako Fleming zentroarekin partekatzen du eraikina, naturaz inguratutako ingurune paregabean, izena ematen dion mendia aurrean duela.

Hasieran, Jone Izulainen zuzendaritzapean, 9 irakaslek izan zuten DBH-ko lehen eta bigarren mailetako 92 ikasleak hezteko ardura. Harrezkero, nabarmen hazi da hezkuntza-komunitate hori osatzen duten ikasleen eta irakasleen kopurua.

Gaur egun, 2020-2021 ikasturtean,  Erniobea BHI ikastetxeak 354 ikasle eta beraien gurasoak, irakasle ez diren langileak eta 49 irakasle biltzen ditu. 

Ikasle kopuruaren etengabeko hazkundeak irakaskuntza-jarduerarako espazio berrien beharra  erakutsi zuen. 2002an, ikastetxea 9 gela berri sortuz handitu zen. Aldi berean, frontoia estali zen erabilgarritasuna hobetzeko. Denborarekin, hori nahikoa ez zela ikusita, Eusko Jaurlaritzak beste handitze bat egin behar izan du, ondoan eraikin berri bat eginaz. Eraikin hori 2021-2022 ikasturterako amaituta egotea espero da.

Nahiz eta ikastetxea Arratzain auzoan egon, hirigunetik aldenduta, Amasa-Villabonarekin eta inguruko herriekin lotura zaindu nahi izan du beti Erniobeak. Horren erakusgarri, Amasa-Villabonako plazan, ikastetxeak urtero egiten duen Gabonetako  azoka da, bertara hurbildu nahi duten guztiei eskolako kideek asko maite duten jarduera batean parte hartzeko aukera emanez.

Urteak igaro ahala, eskolako bizitzan chrome-bookak eta pantaila digitalak sartu dira, baina baita ingurumenarekiko interesa ere, agenda 30 taldearekin, bizikidetza- eta hezkidetza-taldeak, eta eleaniztasuna. 

Erniobearen helburua ikasleen hezkuntza integrala lortzea da, oinarrizko konpetentziak eta teknologia berriak landuz, heziketa fisikoa eta balioetan oinarritutako hezkuntza zainduz, eta, batez ere, hezkuntza-komunitateko kide guztien ongizateari erreparatuz.



 

 

 

 

 

 

 

ERNIOBEA B.H.I.

 

Otelarre,35

20150 Villabona